Badira 25 urte zirkulazio librearen metodologia ezarri genuela Haur Hezkuntzan eta metodologia honetan sinisten dugulako Haur Hezkuntzako lau gela moldatu ditugu. Egokitzapen honetan, udala izan dugu bidelagun. Gauzak hobetzeko ilusio handiz jarraituko dugu.
Urte hauetan egindako formazio, hausnarketa eta lanaren ondorioz fase desberdinetan aritu izan ginen lanean: adin berdineko umeen arteko zirkulazio librean arituz garai batzuetan eta adin desberdinetako umeen arteko interakzioa bultzatuz beste batzutan.
ZIRKULAZIO LIBREA
Metodologia honen printzipioak hauek dira:
- Libreki zirkulatzea.
- Espazioa, denbora, materiala, ekintza eta kideak hautatzeko askatasuna sortzea.
- Arazoei eta gatazkei aurre egiteko aukera ematea.
- Mota askotariko harreman-egoerak izateko bidea zabaltzea.
- Helduarengandiko autonomoa izatea.
- Iniziatiba hartzeko aukera bultzatzea.
- Ingurunea esploratzeko, ingurunean esperimentatzeko eta elkarri eragiteko bidea eskaintzea.
ERREFERENTZIA TALDEA: Talde bakoitzak bere erreferentzia gela eta bere tutorea izango ditu. Egunean zehar eta hainbat momentutan elkartuko dira, egindakoa komunean jartzeko eta proiektua aurrera eramateko.
MUGIMENDU AUTONOMOA
– Haurrari bere iniziatibek eragiten diote ikaskuntzarako gogoa, harremanetan sozializatzeko bidea eta pertsona izateko sentimendua edukitzea.
– Haurrari mugimendu autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskaini behar zaizkio. Bere gaitasunetan eta garapenean konfidantza izan; bere ekimenak errespetatuz eta ulertuz, mugimenduak eta jarrerak bereganatzeko prozesuan helduak esku hartu gabe.
Haurraren erritmoak errespetatu behar dira: “Gauzak azkarrago egiteak ez du esan nahi hobeto egingo dituenik. Ziur sentitzen denean, bere kabuz, seguru eta plazerean esperimentatzeko —mugitzeko, ekiteko— iniziatiba izango du”.
Mugimendu autonomo askeari loturiko hainbat kontzeptu:
1 – Plazera: Plazerak ireki egiten du. Plazerean bizi behar dute umeek mugimendua, txiri-buelta emateko gaitasunaren plazera, zutitzearena, erortzen uztearena, korrika egitearena…plazerak konfidantza ematen du norbere buru-gorputzean.
2 – Segurtasuna: Nortasuna eraikitzeko oinarri sendoa izango da segurtasuna. Nork bere buru-gorputzaren mugak eta gaitasunak ezagutzen dituenean kontrolatu (eta deskontrolatu) dezake nahieran. Mugak eta gaitasunak ezagutzeko aukerak izan behar ditu umeak.
3 – Autonomia: Mugimendu aske autonomoa ez da haurra bere kabuz eta bakarrik mugitzen uztea. Umeak mugimendu askea garatuko du norbaitekin komuikazioan, eta bakarrik dagoenean norbait horrekin egoki egon izanaren esperientzia dauka bere barrenean. Esperientzia horrek segurtasuna emango dio, eta gauza berriak probatzeko iniziatiba.
4 – Iniziatiba: Haurrari ekiteak (egiteak) ematen dio plazera, bere gaitasunak azaltzeak. Haurrak oso txikitatik plazera eta seguritatea euren kabuz sortzeko gai dira, eta baita euren beldur eta zalantzak menderatzeko gai ere. Gauzetan —egoeretan—eragin dezakeela ikusten du.
5 – Nortasuna: Bere buruarekiko irudia egiten ari da haurra jaiotzen denetik. Nortasuna eraikitze horretan, umeak barrutik dakarren energian sustraitu daiteke, edo helduak eragindakotik, barrutik datokion espresio hori behartuz, mugatuz edo gidatuz.
6 – Garapena: Heldutasuna behar da ikasi ahal izateko. Gaitasun motorra berez garatuko du haurrak aukerak ematen baldin bazaizkio, hau da probatzeko astia ematen bazaio. Urrats baten esperientziatik emango du bigarrena.
7 – Komunikazioa: Mugimendua harremanaren barruan ulerturik, komunikazio bihurtzen da. Hasieran haurra gorputza da, psikismorik ez baitago, eta gizakiekin harremanean garatuko du psikismoa. Hasieran bere mugimendua airean dago, eta norbaitek hartu eta esanahi bat emango dio mugimendu horri, eta batak besteari esan eta erantzutetik garatuko da komunikazioa.